NABARLUR. Euskal herriko lurraldetasun historikoa erakusten duen webgune bat da. Europan estatu burujabea zen NAFARROA.

NABARLUR. Un espacio en el que se muestra la territorialidad histórica de Vasconia. El ámbito en el que se desarrolló un pueblo, su idioma, y su Estado, independiente y reconocido en toda Europa, NAVARRA.

2014-08-12

Diario de Navarra, 2014ko abuztuaren 11



ENEKO DEL CASTILLO KARTOGRAFIAN ADITUA

“Orreagako guda Txangoa
mendian kokatuko nuke” 


















Kartografiaren mundua txikitatik erakartzen zion eta orain lurralde baten historia mapen bidez kontatzeko gai da. Eneko del Castillok Nafarroaren bilakaera azaldu zuen Orreaga Fundazioak antolatutako hitzaldi zikloaren barnean. 

NEREA ALEJOS
Iruñea

Eneko del Castillok esaten du historiaren bilakaera ulertzeko modurik aproposena kartografia dela, eta horrela egin zuen Baskoniatik Nafarrora: gure historia mapetan izenburuko hitzaldian, orain Interneten eskuragai (ibaineta778.wordpress.com). Orreagako guda gogoratzeko ekitaldien artean antolatu zen, Etxabarrengoa Kultur Elkartea eta Orreaga Fundazioaren eskutik.

Noiz hasi zinen kartografiaren munduan murgiltzen?

Txikitatik! Beti gustatu zait eskolako mapak egitea, eta etxean ere Nafarroako Atlasa eduki nuen, Nafarroako Aurrezki Kutxak argitaratu zuena. Gero, modu serioagoan, 2009an hasi nintzen mapak lantzen, eta Iñaki Sagredo historialariaren liburu batean argitaratu nituen. Beste liburuetako mapak begiratzean, beti akatsen bat ikusten nuen eta nire mapa propioak egiten hasi nintzen, akats horiek konpontzearren. Gero ere, liburu gehienetan mapak Piriniotik behera egiten dituzte. Eta Piriniotik gora, bakarrik Frantzia agertzen da, ez zara topatzen Akitania (Garonatik Loira ibaiaraino) edo Gascuñarekin (Garonatik hegoaldera).

VIII. mendeko mapa bat begiratzen badugu, baskoien lurraldea Ebrotik Garonaraino heltzen zen.

Julio Cesarrek idatzi zuen liburuan, De bello Gallico (Galiaren Guda), bertan esaten du akitaniarrak Piriniotik Garonaraino heltzen zirela. Eta Garonatik gora, galoak zirela. Gainera esaten du akitaniarrek antza gehiago zutela iberiar penintsulako biztanleekin.

Noiz agertzen da Nafarroa lurralde bereiztua bezala?


IX. mendean, frankoen kronistak deitzen dute "nafarrak" hegoaldeko baskoiei, hau da, Piriniotik behera bizi zirenei. Eta Piriniotik gorako Baskonian, euskara galdu eta gero, "gaskoiak" izenarekin geratu ziren. Hau da, erromanizatutako baskoiak ziren.

Eta garaiko kroniketan, zer aipatzen zuten Nafarroari buruz?

Batez ere aipatzen dute Iruñea (Pampilona), eta esaten dute nafarren hiria edo gotorlekua dela. Historialariek asko erabiltzen dute hitz latindar bat,oppidum, hiri bat harresiak dituela adierazteko.

Eta nolakoak ziren baskoien eta musulmanen arteko harremanak?

Iberiako penintsula ia osoa musulmanen menpe zegoen. Adibidez, IX eta X. mendetan, Uxueraino heldu ziren. Dirudienez, bazuten akordio bat Kordobako emirerriarekin beraien artean ez erasotzeko.

Historialariek hiru hipotesi erabili dituzte Orreagako batailaren kokapenari dagokionez: Orreagan, Luzaiden edo Aragoiko Hecho ibarrean.

Adibidez, Hechon aztarnen bila egon ziren. Arkeologoek pentsatu zuten Zaragozatik Frantziara joateko biderik motzena izango zela, baina ez zuten ezer aurkitu. Dokumentazioari erreparatzen badiogu, dena bideratzen du Astobizkarreko inguruetara, hain zuzen Txangoa eta Lepoeder artean. Egia esan, Pirinioa oso toki txarra da aztarnak topatzeko. Geruza asko agertzen dira gauza guztien gainetik. Nire ustez, Orreagako gudua Txangoa mendian izan zitekeen.

Eta egun horretan, posible litzateke baskoiak musulmanen laguntza jaso ahal izatea frankoen aurka?

Kronika musulmanak ez dute ezer aipatzen Orreagako gudaz. Argi dago Kordobatik ez zuten laguntzarik jaso, baina ziur aski bai Tutera aldeko Banu Qasiarren aldetik, familia zirelako. [Musulmanak Ebro bailaran ibili ziren eta Kasio kondea islamismora bihurtu zen, Banu Qasi izena hartuz].

Eta handik 46 urte geroago, Orreagako bigarren guda izan zen.

Bai, 824an. Karlomagno hil ondoren, bere semea, Luis Errukitsua, Akitaniako erregea zen. 812an, frankoak berriro etorri ziren Iruñera, bere boterea honaraino ailegatzen zela argi uzteko. Frantziara itzultzeko, Piriniotik zeharkatzea erabaki zuten, baina bere aitari gertatu zitzaiona ez errepikatzeko, emakumeak eta umeak bahitu zituzten beraiekin pasatzeko. Gero 824an, francoak berriro etorri ziren eta bigarren guda gertatu zen Orreagaren inguruan. Baskoiak basoetan eztutaturik zeuden, -orduan Eneko Aritza zen bere buruzagia-, eta berriro irabazi zuten. Eneko Aritzaren altxamenduarekin eman zioten hasiera Iruñeko Erresumari. Frankoak galdutzat eman zuten lur hauek eta ez ziren berriro itzuli.

Bestalde liburu bat prestatzen ari zara. Zer azalduko duzu?

Gure historiaren inguruan ezagutzen dugun tarte osoa, erromatarrak ailegatu zirenetik gaur egun arte. Mapa bana azalpenekin osatuko dut, baita ere garaiko dokumentuetan lagundurik. Datorren urterako kaleratu nahi nuke.